Honi buruz

Kantuzaletasuna eta kantagintzako tradizioa ezagunak dira Euskal Herrian. Badihardugu Euskara Elkarteak 11 urte daramatza adineko pertsonak elkarrizketatzen Euskal Herriko Ahotsak proiektuan, eta elkarrizketatuetako asko jarri izan ditugu kantuan. Antzinako kantak ez ezik, bertsoak, koplak eta kanta berriak ere jaso izan ditugu. Ondare hori oso garrantzitsua da, eta herritar guztien esku egon beharko luke, bilatzeko modu erraz eta erabilgarrian jarrita. Izan ere, Ahotsak.com webgunean milaka bideo pasarte ditugu, eta kantak galduta geratzen dira hainbeste testigantzaren artean. Kantenak aparteko webgune bat merezi du, gerrarekin lotutako bideoek duten bezalaxe (gerra.ahotsak.eus).

Kantak belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, etxeko sukaldean. Orain, transmisioa egiteko beste modu batzuk aurkitu behar dira, egungo bizimodura egokituta. Beraz, teknologia berriak erabili nahi ditugu horretarako.