Honi buruz
Badihardugu euskara elkartean 15 urtetik gora daramatzagu adineko pertsonak elkarrizketatzen, Euskal Herriko Ahotsak proiektuan, eta elkarrizketatuetako asko jarri izan ditugu kantuan edo ipuinak kontatzen. Antzinako kantak ez ezik, bertsoak, koplak eta kanta berriak ere jaso izan ditugu. Baita ipuin, kondaira, mito eta istorioak ere. Ondare hori oso garrantzitsua da, eta herritar guztien esku egon beharko luke, bilatzeko modu erraz eta erabilgarrian jarrita. Izan ere, Ahotsak.eus webgunean milaka bideo pasarte ditugu, eta kanta eta ipuinak galduta geratzen dira hainbeste testigantzaren artean. Aparteko webgune bat merezi du, gerrarekin lotutako bideoek duten bezalaxe (gerra.ahotsak.eus).
Kantak eta ipuinak belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, etxeko sukaldean. Esateko eta izateko moduak. Orain, transmisioa egiteko beste modu batzuk aurkitu behar dira, egungo bizimodura egokituta. Teknologia berriak baliatu ditugu horretarako.